jueves, 12 de julio de 2012

Euskal Moneta, Berritasunaren Zirrara



2000 pertsonak ia bozkatu eta gero, “Eusko” deituko da. Beste izen batzuk ere iradoki ziren: “Sos”, “Libera”, “Piku”, “Ttantto”… baina maiatzaren 13an bukatu ziren bozketak eta AMBES elkarteak (Association pour la création d’une monnaie locale, basque, écologique et solidaire) hautatutako izena aditzera eman zuen. “Eusko” izango da, beraz, 2013aren urtarrilaren 1tik aurrera Ipar Euskal Herrian erabili ahalko den tokiko moneta berriaren izena, euroaren osagarri bezala.
  1. Zer da tokiko moneta osagarri bat?
  2. Noiz hasi ziren moneta osagarriak erabiltzen?
  3. Nolakoa izango da euskal monetaren egitasmoa?
  4. Zer abantaila eta ondorio ditu? 
  5. Zein da euskal monetaren etorkizuna?
  

Zer da tokiko moneta osagarri bat?

Tokiko moneta edo moneta osagarria komunitate zehatz batean erabil daitekeen diru mota da, gobernu baten babesa ez duena eta ekonomia-ikuspegi jakin batekin erlazionaturik dagoena. Hainbat eratakoa izan daiteke: denbora unitateak adierazten ala ohizko dirua bezala funtzionatzen duena, mundu guztian ala soilik leku batean erabil daitekeena, egitura fisikoa daukana ala informatikan oinarrituta dagoena.


Noiz hasi ziren moneta osagarriak erabiltzen?

Moneta osagarrien erabilera ugaria eta anitza izan da historian zehar. Gaur egun, moneta osagarrien 5000 kasu baino gehiago daude. Hauek -ohizko diruaren antzeko funtzionamendua dutenek, behintzat- Wörgl herri austriarraren eredua jarraitu ohi dute. Herri honek 1929aren krisia zela eta arazo handiak zituen, besteak beste, langabezia eta herri lanen geldiketa, eta udala erabat zorpeturik zegoen. 

Egoera larri honi aurre egiteko 1932an moneta osagarri bat abian ipini zen, udal langileen soldataren zati bat moneta osagarriarekin ordainduz. SA zen Austriako orduko dirua. Wörgl-eko moneta osagarria ziurtagiriak ziren. Ziurtagiriek SA-ren balioa zuten, bi ezaugarri bereziekin: hilero haien balioa %1 batean murrizten zen, eta ziurtagiriak SA-engatik trukatzean balioaren %2 galtzen zuten. Horrela, alde batetik, ekonomia eta kontsumoa dinamizatzen ziren eta, beste aldetik, moneta osagarriaren erabilpena bultzatzen zen. 
Onurak laster iritsi ziren. Inflaziorik agertu ez, langabezia gutxitu eta zorra txikiagotu zen. Hala ere, Austriako botere zentralek esperientzia hau urte bat betetzeke zuenean bertan behera utzi zuten eta arazoak itzuli egin ziren Wörgl-eko herritarrentzat.


Nolakoa izango da euskal monetaren egitasmoa?

Euskal monetaren egitasmoa 2013ko urtarrilaren 1ean hasiko da, egun zehatz horretan hasiko baita euskoen erabilpena. Baina euskoa haratago doa. Esan bezala, moneta osagarriak ekonomiaren ikuspuntu jakin batetik abiatzen dira. Euskoaren kasuan, moneta ekologikoa, soziala eta euskalduna da, eta honek esan nahi du euskoaren erabilera ekologikoki, sozialki edota kulturalki onurak dakarrela. Kontuan hartu behar da, hala ere, moneta osagarri batez ari garela, hots, euroaren osagarria eta ez ordezkaria izan nahi duen monetaz.

Fisikoki, ezin faltsugarriak izango diren txarteletan datza euskoa, Ipar Euskal Herriko irudiak izango dituztenak. Euroak euskal monetaz ordezkatzeko partikularrek truke guneetara joan beharko dute, eta trukaturiko euroak banku bateko berme funtsean emango dira.

Lan handia dago euskoa bezalako tokiko moneta baten atzean. Zehazki, Ipar Euskal Herrian sare bat sortu dute. Sare honetan erabili ahalko da euskoa, eta sarean dauden enpresek hainbat konpromiso hartu dituzte ingurugiroarekin, gizarte arazoekin edo euskal kulturarekin. Adibidez, euskoa erabili nahi duen enpresak edo dendak elebitasuna erabili behar du bere barne (hala nola, jatetxe bat bada, menuak euskaraz emanez), edo, beste kasu batean, tokiko produktuak saldu behar ditu, edo bertako hornitzaileekin lan egin, eta, era berean, kate internazionalekin eta enpresa kutsatzaileekin ez. Horrela, esaterako, enpresa transnazionalak saretik kanpo daude. Beraz, ikus daitekeenez, euskoak erabiltzean bezeroak badaki enpresa horrek ingurugiroa, euskara edota tokiko ekonomia sustatzen ari dela.

Euskal monetaren egitasmoa Wörgl-ekoarekin zenbait puntu ditu berdin. Euskoa euroaren baliokidea izango da, eta tratamendu bera izango du, baita zergen aldetik ere. Euskoa euroengatik trukatuko denean balioaren %5a kenduko zaio, hau da 100 eusko euroengatik trukatzean erabiltzaileak 95 euro jasoko ditu. Alderantziz (euroak euskoengatik trukatzean) ez da halakorik gertatuko. Hau horrela egiten da euskoak erabil daitezkeen sarean dauden merkatariek bezeroen fideltasuna irabazten dutelako, eta, besteak beste, euskal monetaren egitasmoa finantzatzeko balio du. Bakarrik enpresariek trukatu ahalko dituzte euskoak eurotara. Gainera, hiruhilabetero euskoa bere balioaren %2a galduko du, horrela euskal monetaren erabilera sustatu eta espekulazioa galarazten dira, ez baita moneta osagarri hau aurrezteko egin, baizik eta, esan bezala, tokiko merkataritza bultzatzeko, euskal kulturaren alde egiteko, aberastasuna birtokiratzeko edota ingurugiroa zaintzeko.


Zer abantaila eta ondorio ditu?

Jadanik aipatu dira euskal monetaren erabileraren zergatiak eta helburuak: Tokiko merkataritza bultzatu, euskal kultura eta euskara sustatu, aberastasuna birtokiratu, bezeroen fideltasuna indartu, ingurugiroa zaindu eta kutsadura gutxitu. Hala ere badaude inguruko beste ondorio. 

Diruaren teoria kuantitatiboaren arabera:
 P*Q=M*V
         P prezioen maila izanik, Q ekoizpen maila, M diru kopurua eta V diruaren abiadura, hau da, dirua urtero eskuz aldatzen den abiadura. Berdintasun honen arabera, lau elementuetatik bat handitzen edo txikitzen bada, beste elementu bat (edo batzuek) handitu edo txikitu beharko da berdintasuna mantentzeko.

Wörgl-en ipini ziren neurriak, euskoaren antzekoak, diruaren abiadura handi dezakete. Beraz, teoriaren arabera, berdintasuna mantentzeko, diru kopurua iraunkor mantentzen bada, euskoaren ekimenarekin gertatzen den bezala, diruaren abiadura handitzen denenean prezioak handitu behar dira, inflazioa agertuz. Hala ere, Wörgl-eko kasuan ez zen halakorik gertatu eta ez zen inflaziorik azaldu, baina adibide honetan kontuan hartu behar da oso denbora tarte laburrean martxan egondako esperientzia dela Wörgl-ekoa, eta epe luzera balitekeela inflazioa agertzea.

Gerta liteke diruaren abiadura handitzean ekoizpena haunditzea ere, baina hau ez da, printzipioz, gertatuko, ekoizpenak epe luzera beste faktoreen araberakoa baita.

Azkenik, baliteke, soilik, diruaren abiadura ez handitzea, baizik eta bakarrik jendeak eusko gehiago erabiltzea euroen ordez. Hala eta guztiz ere, bertako salerosketarako egina da euskoa, enpresa handietatik urrun, eta beraz ez dirudi makroekonomikoki eragin handia izango duela Ipar Euskal Herrian. Euskoaren eragina beste egoeratan nabariko ahal da, bereziki, euskal kulturarekin, fideltasunarekin, ekologiarekin eta aberastasuna birtokiratzearekin bezalako gaietan. Honekin batera, moneta erabiltzen dutenen artean elkartasun sentimendu bat sor dezake, baita leku batekiko atxikimendua indartu ere. Azken finean, “benetako ekonomiaren” eta ez “finantza ekonomiaren” zerbitzura dagoen moneta izatera deitua dago euskoa. Kontuan hartu behar da moneta honen ekimena era demokratikoan eta parte-hartzailean jarri dela abian, izena hautatzean, adibidez, eta haren erabilera guztiz borondatezkoa dela, bai partikularrentzat, bai enpresentzat. 

Euskal moneta ez da, hasiera batean, krisi ekonomikoari aurre egiteko bide bat, sortzaileek diotenez. Baina agerikoa da gaur egungo krisi ekonomikoak sistema sozioekomikoaren arazoak zein gabeziak indartu dituela, bide ekonomiko berriak aurkitzera bultzatuz eta orain arte ekonomiak ahazturiko baloreak –elkartasuna, kultura, ingurugiroa, tokian tokiko garapena- berreskuratuz. Euskal moneta, beraz, gure bizitzan izan nahi ohi ditugun balore asko errealitatera eramateko aukera zuzen bat izan daiteke.


Zein da euskal monetaren etorkizuna?

Euskal moneta Ipar Euskal Herrian hasiko da 2013an, eta esperientzia positiboa eta jendearen parte-hartzea badauka, Hego Euskal Herrira eramateko ideia dago, beti hiru dimentsioak errespetatuz, sortzaileen hitzetan.

Egitasmo honek jasoko duen inplikazioan eta erabileran datza arrakastaren gakoa, eta orain arte izan duen parte hartzea handia izan bada itxoin beharko dugu jendeak eskuartean euskoak izango dituen arte, euskal ekimen berri hau aurrera eramanez eta, agian, eguneroko bizitzaren parte bihurtuz.
 

 
Gehiago jakiteko:
Tokiko moneta osagarriei buruz:
Euskal moneta berriari buruz:
Diruaren teoria kuantitatiboari buruz:

No hay comentarios:

Publicar un comentario

traductor

Seguidores

Formulario de contacto

Nombre

Correo electrónico *

Mensaje *