lunes, 20 de agosto de 2012

Pariseko puskak Donostian




Frantziako pasealekua, Santa Katalina 
zubitik gertu, Wallace iturri batekin
Donostiako erdialdean, ezkien gerizpean, Urumea ibaiaren gainetik, zazpi etxetzar harroen alboan, Frantziako pasealekua deritzon lorategizko ibiltokia iragaten da, Santa Katalina eta Maria Cristina zubien artean. Tankera frantziar eta erromantikozko pasealeku honetan Donostiako hiriaren historia ederra ibilbidearen berezko lasaitasun atseginarekin nahasten da, eta horrela bertan dauden lorategiak, baranda, eraikinak eta apaingarriak pasealekuari izaera dotorea eta fina ematen diote.

Frantziako pasealekuaren baranda, esaterako, Miramar parkera eramaten duen Mirakontxa pasealekuan dagoenaren bera da, nahiz eta biak kolore ezberdinez margotuak egon: txuriz lehenengoa, berde ilunez azken hau. Baranda hau hasiera batean Kontxako pasealekuan zegoen, baina 1910an gaur egun dirauen eta Donostiaren ikur adierazgarrienetakoa bihurtu den Kontxako Baranda ipini eta aurretik zegoen baranda Mirakontxa eta Frantziako pasealekuetara eraman zuten.




Ez da baranda historia berezia duen Frantziako pasealekuaren osagai bakarra. Lorategietan hiru irudi zuri hauteman daitezke. Begirada azkar batean, badirudi apaingarri hutsak direla: bakoitzean lau emakumezko-irudikapen kupula bati eutsiz, eginkizun zehatzik gabeak, eskulturagilearen artelan apetatsu batzuk.

Baina Erromantizismoaz eta Belle Époque-z blai dagoen hiri batean egia ezin da hain arrunta izan. Nahiz eta irudi ez, egun apaingarritzat ditugun hiru eskultura hauek iturri lirainak eta erabilgarriak izan ziren, eta dauden pasealekua bezala, Frantzian dute sorlekua, Parisen zuzenki. Wallace Iturriak dira.

Iturri mota hauen iturburua 1870ko hamarkadako Paris kementsuan bilatu behar da. 1870ko frantziar-prusiar gerra eta gero, 1871an Parisko Komuna deitzen den mugimendu iraultzailea gertatu zen, eta honen errepresioa ondoren. Guzti hau zela eta, garaiko Paris hirian hondamen eta galera handiak zeuden. Larrienetako bat ura zen, gero eta urriagoa, gero eta garestiagoa, jende askoren aukeretatik urrun. Ardoa ere ura baino merkeagoa zen, eta honek osasun zein garbitasun arazo biziak sortzen zituen. Richard Wallace orduko Parisen bizi zen Sir britainiar dirudun bat zen. Gauzatu zituen filantropia lan anitzen artean, badago nahiko ospea eskuratu duen bat, hain zuzen, bere abizena daramatzaten iturriak asmatzea eta sustatzea, Wallace iturriak.


Wallace iturriaren kupula
Wallace iturriak dotoretasun eta  teknika irizpideei darraizkie. Dotoretasunaren aldetik, nabarmenak izanik eta aldi berean ingurunearekin bat etorriz. Hau irudien tamainan eta kolorean (hasiera batean, berde iluna) eragin zuen. Teknikaren aldetik, garaiko Parisen bi milioi inguru gizabanako bizi zirela kontuan hartuz, kostu murriztukoak eta materiala lantzen eta mantentzen errazekoak. Hau burdin galdatu grisa erabiliz lortu zen, burdinaren aleazio bat dena, karbono eta silizio ehuneko baxuak dituena. Merkea da, sendoa eta lantzen erraza. Gainera, silizioa korrosioa saihesteko balio du. Gaur egun ere ingeniaritzan sarri erabiltzen den materiala da.

 

Ura jario zen iturburua

Wallace iturrien zenbait mota daude, baina ospetsuena Donostian aurki daitekeena  eta Parisen ere ugariena dena da. Osaera zaindua du: lau alde handiagoak dituen oinarri ortogonal baten gainean lau kariatide edo zutabe lana dagiten lau emakumezko irudi, kupula bati eutsiz, zeinetik ura darion, edalontzi batez hartzeko modukoa.


Iturria Charles-Auguste Lebourg eskulturagileak eratu zuen, eta Val d'Osne-ko galdategietan egiten ziren. 2,71 metroko luzera eta 610 kg-ko pisua omen dute, eta itsas eta natura gaiekin apainduta daude, baita izurde irudiekin ere. Lau kariatideak berdinak dirudite, edo behintzat hauxe da hain orekatua eta landua den ederlan batean espero zitekeena. Haatik, kariatide bakoitza kanpoaldetik ezberdina eta zentzu zehatz batekoa da. Lau dohain eta lau urtaroak irudikatzen dituzte: Karitatea eta uda, Neurritasuna eta udazkena, Ontasuna eta negua, Soiltasuna eta udaberria. Neurritasuna eta Soiltasuna begiak itxiak dituzte.

Begiak irekiriko kariatidea
Begiak itxiriko kariatidea












Iturriak hasiera batean Parisen instalatu ziren, baina 1889. urtean Pariseko Erakusketa Unibertsala izan, Wallace iturriak atseginak suertatu eta Val d'Osne-ko galdategiei hiri zein partikular askok eskaerak bidaltzen hasi ziren. Ziurrenik horrela eskuratu zuen Donostiak bere hiru Wallace iturriak. Lehenbizi Kontxako pasealekuan ipini ziren, baina XX. mendearen hasieran aldaketa sakonak bertan egin eta gero –jadanik aipatu den barandaren aldatzea, kasu- iturriok Frantziako pasealekura lekualdatu zituzten, baina ordurako euren iturri-eginkizunik gabe, edergailu dotore huts bezala. 1889ko Erakusketa Unibertsalean ere Eiffel dorrea eraiki zen. Xelebrea da Frantziako pasealekuaren mutur batean, Maria Cristina zubiaren aurrean, Iparraldeko tren geltokia egotea, eta hain zuzen geltoki honetan dagoen markesina ere Gustave Eiffel ingeniariaren tailerretatik atera zen. Geltoki honen inaugurazioan Gustavo Adolfo Bécquer poeta erromantikoa egon zen.


Iturriaren atzean, Iparraldeko tren geltokiaren
hormak ikus daitezke ezkien artean, gorriz


Gaur egun Wallace iturriak fabrikatzen jarraitzen dute, baina aurrenak eta jatorrizkoak oraindik urtea eta galdategia markatua dute beren aldeetan.

 











Noizbait izango ote dira berriro Donostiako eskultura zahar hauek iturriak? Aterako al da beste behin, lehen bezala, ura haien kupula zurietatik? Haiengana zakurrak gerturatu beharrean joango ote dira, etorkizuneko Donostian, edaria asetzeko premiarekin bidaiari nahiz hiritarrak? Edo jarraituko dute gaur bezala lau kariatide hotz eta sosegatuak kupula hustu bat sostengatzen, Frantziako pasealekuko lau aldetara begira, Belle Époque galdu eta berriz itzuliko ez den baten itxaroan?






Gehiago jakiteko, artikulu hau partzialki osatzeko erabilitako zenbait iturri kontsulta daitezke:

No hay comentarios:

Publicar un comentario

traductor

Seguidores

Formulario de contacto

Nombre

Correo electrónico *

Mensaje *