sábado, 1 de marzo de 2014

Nork idatzi zuen San Sebastian Martxa?


Galdera erraza dirudi, donostiar peto-peto batentzat, Danborrada guztietan San Sebastian Martxa entzun, abestu eta jo duen batentzat. Raimundo Sarriegi izan behar du, beraz, erantzuna, Parte Zaharrean, Bretxa ondoan –Donostiako bihotzean!- bere izena duen plaza eta estatua baitauzka, eta gainera, hau ez ezik, Sarriegiren estatuaren atzean San Sebastian Martxaren hitzak idatziak daude.

Baina ez. San Sebastian Martxaren hitzak ez zituen Raimundo Sarriegik idatzi. 1861an Sarriegik -22 urte zituela- abestia konposatu zuen, baina ez hitzak idatzi. Martxaren hitzak orain dela 130 urte sortuak dira, 1884an. Baina nork idatzi zituen?


Tamalgarria da San Sebastian Martxaren hitzen idazlea nor den ez jakitea, San Sebastian Martxa gure hiriaren abesti adierazgarrienetako bat baita, edozein donostiarrek segituan ezagut dezakeen bat.

Serafín Baroja Zornoza donostiar nabarmena izan zen, akaso Donostia hiriak eman dituen donostiarren artean donostiarrena. Meatze-ingeniaria eta idazlea, liberala eta euskaltzalea, kulturaren eta industriaren arloetan gailendu zen, Donostian eta Iruñan kaleratu zituen aldizkariekin eta Rio Tintoko meatzetan. Pío Barojaren aita izan zen eta euskaraz idatziriko lehenengo opera sortu zuen, Pudente, Santesteban maisuaren musikarekin.

Baina, batez ere, San Sebastian Martxa idatzi zuen. Gaur egun donostiar guzti-guztiok ezberdintasun guztien gainetik ezagutzen dugun abesti bakarraren hitzak.

Ulertezina bada ere, oso gutxi dira Serafín Barojak Danborradari eta Donostiari eginiko ekarpen paregabe hau oroitzen dutenak. Sarriegiri izugarrizko ospea aitortzen diogu, baina ez dugu berdin jokatzen Serafínekin. Zergatik?

Badugu garaia Serafín Barojak gure hiriaren bihotzean izan behar duen ohorezko lekua berreskuratzeko. Bidezkoa da, Parte Zaharreko Sarriegi plazan, San Sebastian Martxaren hitzak dituen plakaren azpian, beste plaka bat ipintzea esanez:

“Musika: Raimundo Sarriegi
Hitzak: Serafín Baroja”





Tecnun-eko Euskal Kultur Taldeko aldizkarian argitaratua

                                                                                                   

No hay comentarios:

Publicar un comentario

traductor

Seguidores

Formulario de contacto

Nombre

Correo electrónico *

Mensaje *